Historia

Primary tabs

  • Zarauzko ikastolak Aita Salbatore Mitxelena zarauztar idazleari zor dio bere izena.

    Salbatore Mitxelena Zarauzko Etxebeltz baserrian jaio zen 1919.eko urtarrilaren 18an. Zarauzko Frantziskotarren Eskolan egin zituen lehen hiru urteak. Eta handik Bizkaiko Forua (Gernika)ra joanda, beste bi urte osatu zituen.

    Foruan bizi zela 

    argitara eman zuen bere lehenengo olerkia, bertako ikasleek multikopiaz ateratzen zuten aldizkari batean: “Oroilari” zuen izena.

    1936ko gudatea hasi eta laster, Nafarroako Herriberrira (Olite) joan zen filosofiako ikasketak egitera. Filosofia ikaste urte hauetan gudara joan beharra egokitu zitzaion. Denboraldi luze bat Iruñean egin zuen, ikasketak jarraitu ahal izan zuelarik, eta gero Guadalajarara “Aberriak min dit, ta miñak olerki”, “Iltzen doakigu Aberria”,... olerkiak.

    Gudatik itzulita, beste urtebete egin zuen Herriberrian Filosofiako azken kurtsoa betetzen. Garai hartan ezagutu zuen bere bizitzan zehar halako eragin sakona egingo zion Unamuno ospetsua. Geroago, 1958 urtean, liburu bat argitaratuko zuen Unamunori buruz “Unamuno eta Abendats” izenarekin.

    Filosofia ikasketak bukatu ondoren, Mitxelena Herriberritik Arantzazura etorri zen, 1940.go irailean, Teologia ikastera. Lau urte irauten zuten ikasketa horiek, apaizgintzarako behar ziren lau azkenekoak, hain zuzen.

    Teologi ikasketak burutzen ari zela, 1943ko abenduaren 28an apaiz egin zen. Hurrengo urtean, Burgosko La Aguilera komentura joan zen, pastoraltzako ikastaro berezi bat egitera. Urtebete egin zuen bertan.

    Eta 1945an, Donostiako Atotxako komentura etortzen da. Apaiz berri eta bere bizitzako sasoirik ederrenean hor hasi zen herriz herri eta elizaz eliza Mixioak ematen, gogo ihardunak zuzentzen, eta beste hala moduzko hitzaldiak egiten. Gipuzkoan eta Nafarroan zehar ibili ohi zen batez ere. Gipzukoa osoa, batetik bestera, ibili zuela esan daiteke. Batipat, herri handi xamarretan zuen gogoko hitz egitea.

    Halere, herri txikiagoetara ere urreratzen zen Nafarroako herriak lekuko. Bertako Baztan, Bertiz, Basaburuz, Bortz Hiri, Larraun, Araiz, Sakan eta beste bailarak badute Mitxelenaren berri. Ia hamar urte bete zituen Donostiako komentuan.

    1954 urtean joan zen Ameriketara. Aurrena Kubara, gero Montebideora, gero hango beste lurraldeetara. Montebideon eman zuen aldirik gehiena. Lau urte edo. Mixiolari lanetan jardun zuen gehienbat. Eta horrela, Bolivia, Ekuador, Peru, Panama, El Salvador, Costa Rica eta Kolonbia nazioetan zehar ibili zen.

    Hura bukatuta, berriro ere Kubara doa. Eta han hiru urte egingo ditu. Eta berriz ere, Kolonbiara joan zen, han urtebete igarota, Euskal Herrira, 1962 urtean, itzuli arte.

    Ameriketatik itzuli ondoren, Euskal Herrian oso denbora gutxi igaro zuen, Suitzara joan zelarik. Suitzan, hiruzpalau herritxoetan ibili zen lanean: La Locle, Les Brenets, La Brevinen. Baina batipat La Chaux-de-Fonds herrixkan. Bertan, 1965.eko abenduaren 20an hil zen.

    Egun gutxi barru, hilaren 27an, Zarautz bere jaioterrira ekarri zuten gorputza eta Arantzazuko Santutegian ehortzi zuten abenduaren 28an.