Guraso eskola

ZER DA GURASO ESKOLA?

Egunerokotasunean daramagun erritmo eta zurrunbilotik atera eta pausatzeko arnas leku bat da; gurasotasuna distantzia eta patxadaz begiratu eta hausnartzeko.

Gurasook ditugun ideiak, kezkak, sentipenak eta esperientziak partekatzeko gunea da. Gai desberdinen inguruan norberaren iritziak eta adituek planteamenduak plazaratzen dituzte; beti ere askatasun, konfiantza eta errespetuz beteriko giro batean. Proposamen praktikoak ere eskaintzen ditugu, egunerokotasunean martxan jartzeko baliabide desberdinak emanaz.

ETA ZER EZ DA GURASO ESKOLA?

Ez da hitzaldi sorta bat, non gurasoak pasiboki hizlariari entzutera zatozten. Justu kontrakoa da: gurasoak zarete protagonistak eta zuen beharretara egokitzen gara.

Ez da zure haurra nola hezi behar duzun esango dizun leku bat. Bakoitzaren askatasunetik abiatzen gara, ez da inor epaitzen eta edozein iritzi  onartzen da, beti ere errespetuan oinarrituta badago. Kasu edo gai konkretu baten aurrean, nahi duenak bere esperientzia kontatzen du eta adituek zer dioten ere aurkezten dugu. Ondoren, norberak erabakitzen du zer egin.

ZERGATIK GURASO ESKOLA?

  • Egoera batzuk gainezka egiten digutelako eta nola jokatu ez dakigulako.
  • Gurasook dugun eredua aldatu nahi dugulako kasu jakin batzuetan. Adb.: sexualitatea beste era batean landu nahi dugulako gure seme edo alabekin.
  • Eredurik ez duulako. Adb.: mugikorrak eta interneten erabilpena. Galduta senti gaitezke gai hau kudeatzeko orduan.
  • Kasu batzuetan aditu desberdinek iritzi kontrajarriak agertzen dituztelako eta ez dakigulako nondik jo.
  • Gure kezkak, beldurrak, kontraesanak... e.a. plazaratzeko leku seuru eta epairik gabekoa behar dugulako.
  • Hezteko prozesua beste guraso batzuekin partekatzea garrantzitsua dela uste dugulako, komunitatean. Esaera afrikarrak dioen harira: "Tribu osoa behar da haur bat hezteko".
  • Ikastola eta familien arteko zubi bat izan daitekeelako, elkarren ideiak entzun, partekatu eta ekimenak aurrera eramateko.
  • Ikastolako komunitatearen parte aktiboa izateko.
  • ....

Dinamizatzailea: MIREN ROS AYARZAGUENA. Bidelagun elkarteko arduraduna eta Ikastolako gurasoa.