Ikasle laguntzailearen programa

Kaixo lagunak:

Gu DBH 1eko ikasle laguntzaileetako batzuk gara eta ikasle laguntzaileen programa zer den aipatuko dizuegu.

Ikasle laguntzaileon helburu nagusia gelan eta elkarren arteko erlazioetan giro ona eta elkarren arteko konfiantza bermatzea da.

Gatazka eta haserre desberdinak ahalik eta modu onenean konpontzen saiatzen gara inor epaitu edo mindu gabe, modu horretan desadostasun uneak epe luzean izan ditzaketen ondorioak saihestuz.

BI hilabetetik behin izaten ditugun prestakuntza bileretan hainbat gai eta prozesu lantzen ditugu, gerora gure eguneroko bizitzan aplikatzen saiatzeko. Gatazka baten ezaugarriak, bertan izan ditzakegun jokabideak eta pertzepzioa dira landu ditugun gaietako batzuk. Gainera, teknika eta jokabideak lantzeaz gain, gure eguneroko bizitzan izan ditugun zalantzak argitzen ditugu denon artean.

Formazioaz gain, gelan, tutoretza saioetan ere hainbat gai eta dinamika lantzen ditugu. Eta ikasle laguntzaileen bileretan proiektu desberdinak proposatzen zaizkigu; halanola: Triptikoak ikasle laguntzaileak eta KiVa zer diren azalduz, horma-irudiak,… Gero, gelan harremanetan suertatzen diren beharren arabera eskatzen digutena lantzen dugu, aipatzen diren gaiei buruz hitz egin eta hausnartzen dugu eta proiektua aurrera eramaten dugu. Honetaz guztiaz gain, urte bukaeran ikastola osoko ikasle laguntzaileok irteera bat egiten dugu elkar ezagutu eta aurrerago elkarri laguntza eskatu eta emateko.

Ikasle laguntzaileak nor izango diren erabakitzeko, gela bakoitzean bozketa bat egiten da boluntario aurkezten direnen artean eta 2 neska eta 2 mutil aukeratzen dira, eta maila osoan 12 ikasleek aipatu ditugun bilerak edukitzen dituzte.

Formazio hau LH 6an hasten da eta DBH 4an bukatu.

Ikasle laguntzaile batzuk izatea gela bakoitzean komenigarria izan daiteke, edozein arazo, burla edo beste itsuskeriaren bat egin badiote norbaiti esaten zaio lasai fida daitekeela ikasle laguntzaileengan, batzuetan ezer ez esatea errazagoa izan arren.

Eta galdetuko duzue:

Eta jazarpen kasu bat badago ikasle laguntzaileek zer egingo dute, hau da, nola konponduko dute?

Jazarpen kasu baten aurrean guk ezin dugu egoera horretan zuzenean esku hartu baina jakiten dugun unean, irakasle edo heldu batengana joan eta dena kontatuko genioke, bestela jazarria izaten ari dena gehiago kaltetu bakarrik egin baikenezake.

Guretzako oso esperientzia aberasgarria izaten ari da ikaskideei laguntzea eta gure bizitza osoan zehar erabili ahal izango ditugun gaitasunak lantzea.