Ikastolak: indarra eta kontraindarra

Ikastolak: indarra eta kontraindarra

2019-03-12

Gure seme-alabentzat ikastetxe bat aukeratzeko unea iritsi zitzaigunean, ez genuen zalantzarik egin: Ikastolen proiektua zen gure mundu-ikuskeraren muina barnebiltzen zuen gunea. Ez genien eraikinei erreparatu, ez irakasleen izen-abizenei, ez eskolen kokapenari. Proiektua izan zen lehenetsi genuena.

Bizitza honetarako baliabide eta balio askotarikoak eman nahi izaten dizkiegu seme-alabei. Horietako asko nagusiki etxean eta etxekoen eguneroko bizimodua ispilu dutela jasotzen dituzte eta, hazi ahala, erreferentzia horiei beren forma propioa ematen diete behinola haur izandakoek. Baina bazen gauza bat seme-alabei guk bakarrik transmititzea zaila izango zitzaigula antzematen genuena: euskararen komunitateko kide aktibo izatea. Are nekezago, etengabe herrigintza lausotzen saiatzen den sistema honetan.

Gure intuizioa ederki ekarri zuten hitzetara Larraitz Ariznabarretak, Edu Apodakak eta Idurre Eskisabelek, “Ikastolak: zergatik eta zertarako” mahai-inguruan. Gure etxeko pentsamenduari hitzaldi horretako gogoetak erantsiz, hona hemen Ikastolen proiektuaren alde egiteko gure 10 arrazoi nagusiak. Ikastolak hautatu genituen:

  1. Herriko eta herritarren ikastetxeak direlako.
  2. Ikastolarik gabe ez genukeelako D eredurik izango.
  3. Ikastolak izan direlako hainbat eremutan A eredua bazterrera utzi eta D eredua ardatz izan zedin indar egin dutenak.
  4. Gaur egun ere Hegoaldeko sistema publiko estatalean D ereduak indartzen jarrai dezan Ikastolen existentziak presioa egiten duelako. Presio hori gabe erraza da D eredua gutxietsi, zalantzan jarri edo ordezkatzea, izan B ereduarekin, izan proiektu eleanitzen aitzakian.
  5. Herrigintzan ardaztutako kooperatibak direlako: herri mugimendutik elikatzen direnak eta herri mugimendua indartzen dutenak.
  6. Gaurko eta biharko zer-nolako Ikastolak nahi ditugun pentsatzeko autonomia izan dezakegulako.  Ikuspegi abangoardista izan zuten Ikastolek sortu zirenean, gainontzeko sistemak eredu hartu gabe, bere eredu propioa sortuz. Egun ere, askatasun hori funtsezkoa da, Estatuak guztia gero eta bertikalago, hertsiago eta debeku gehiagorekin kontrolatu nahi duen garaiotan.
  7. Kooperatiba izaerak partaideen arteko harremana eta igurtzia derrigortzen dituelako.
  8. Ikasleentzat euskara errealitate bat delako, euskal komunitatearen zutabe, euskal kultura erreferentziatzat duena.
  9. Euskal Herri osoa hartzen dutelako aintzat, bai ikuspegiz, bai antolaketan. Ikastolarik ezean Iparraldeko eta Nafarroako hainbat eremutan euskara galduta zegokeen.
  10. Etorkizuneko euskal eskola publikoaren hazi eta bidegile izango direlako.

Egungo Euskal Herrian oraindik Ikastolen proiektuaren beharra egoteak ez du esan nahi, jakina, proiektuak bere burua aldika berpentsatu behar ez duenik. Are gehiago, herrigintzako proiektua izanik, inork baino erantzukizun handiagoz egin behar du “Zergatik eta zertarako” galdera. Euskararen eta euskal kulturaren geroratzeak hari mehe baten baitan jarraitzen duen honetan, eta gizartearen uniformizazioa abiadura bizian ematen ari den garaiotan, uste dut Ikastolek badutela ardura ahulezia garaikideei erantzutekoa. Horregatik eskatzen diet Ikastolei:

  1. Komunitate eragile izatea: herri mugimenduan kokatzea bere burua.
  2. Kooperatibako kideen partaidetza bultzatzea. Herritarron erosokeriari aurre egin eta guraso eta langileok aktiboki parte har dezagun bultzatzea. Lan-modu hori izan dadila ikasleen erreferentzia, hauek ere etorkizuneko Euskal Herrian kide aktibo izan daitezen.
  3. Desio dugun mundua sortzen jarraitzeko tresna izan daitezela: elkartasuna, konpromisoa, inplikazio sozialak eta euskara ardatz hartuta.
  4. Euskararen komunitatea ahalduntzea, eta euskararen eta Euskal Herriaren iruditeria sinbolikoa indartzen jarraitzea. Finean, euskaldun osoak sortzea.
  5. Haur eta gazte ahaldunduak heztea, aske eta libre, pentsamendu kokatutik at.
  6. Euskal Herriko zazpi probintzietako gazteen sare izatea.
  7. Genero parekidetasuna hausnartu eta lantzea.
  8. Etorkinak herritar oso bihurtzeko gune izatea.
  9. Euskal kulturaren transmisioa sustatzea, haur eta gazteen kanon kulturala euskararen ardatzean finkatuz.
  10. Bokazio publikoa ez ahaztea. Denonak eta denontzakoak izatea, elite eta bazterketetatik ihes eginez.
  11. Sortu zirenean bezalaxe, eredu propioa lantzen jarraitzea: pedagogian, haurren gaineko ikuspegian, harremanen gaineko begiradan eta intersekzionalitatean.
  12. Proiektuaren funtsak konplexurik gabe kanpora adieraztea. Funts horiek gabe, gainontzeko ikastetxe guztiak bezalakoak izango liratekeelako.

Nire iritzian, zergatiak argi izanda ere, zertarakoetan jarri behar da arreta nagusia. Aipatutako gai asko lantzen ditu proiektuak, baina etengabe gogorarazi beharko dizkiegu geure buruei. Beste batzuek, aldiz, gogoeta sakona eskatzen dutela iruditzen zait. Eta ni neu egiaz motibatzen nauena gogoeta hori bera da. Bizirik sentiarazten nau guraso gisa hezkuntza komunitatean partaide izateak, horrek esan nahi baitu Euskal Herria eraikitzeko eskumena dugula.