IKASTOLEN VII. BATZARRA

Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertu eta haiei erantzuteko, hezkuntza sisteman erreferente izaten eta gizartean eragiten jarraitzeko eta biharko munduan ikastolak egoki kokatzeko egingo duten VII. Batzarra prestatzen hasi dira ikastolak. Hurrengo hamarraldian egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte bilkura horretan. Batzarra prestatzeko lehen urratsa barne dokumentu bat idaztea izan da. Bertan, azken hamar urteotako errepasoa egin da, egungo egoera azaltzen da, eta etorkizunerako aurreikuspen bat ere egiten da. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak osatu du dokumentua, eta berau aurkezteari ekin dio.

Eskualdeka egingo dira bilerak, eta Martxoaren 31ra bitartean izango dira. Ondoren, ikastolek epe bat izango dute barne dokumentua aztertu, eztabaidatu eta proposamenak eta ekarpenak egiteko. Guztiak bilduta, plan estrategikoa diseinatzeari ekingo zaio. Prozesua, Ikastolen VII. Batzarra egiten denean amaituko da.

Gure ikastolari dagokionez, datorren asteazkenean, otsailaren 19an eta 18:30ean Orioko Ikastolan izango dugu aurkezpen bilera, bailarako beste ikastolekin (Oteitza Lizeoa, Orioko Herri Ikastola eta Azpeitiko Ikasberri Ikastola). Bilera hau irekia izango da gurasoentzat eta langileentzat. Beraz, norbait prest baldin badago bilera honetara joateko, izena eman dezala idazkaritzan edo zarautz@ikastola.eus helbidera idatziz.

INFORMAZIO GEHIAGO