Pasar al contenido principal

NI, HI, HURA… IKASTOLA MUNDURA!

Irudia
Arnasgunea
2024/11/21

Pozik eta harro gaude. Duela bost urte pentsaezina zena lortu dugu!

Pozik eta harro gaude. Duela bost urte pentsaezina zena lortu dugu: DBHra pasatzean mugikorrik ez duten ikasleak gehiengoa izatea. Datu horiek, gainera, gure ikastolatik haratago doaz, Argia aldizkariak berriki zabaldu duen bezala. Durango, Orio, Usurbil, Tolosa, Bergara, Berrobi, Segura… herri ertain eta txiki askotan ari dira familiak elkarlanaren uzta biltzen. Pentsa, Donostiako Zurriolan eta Luberrin ere gehiengoa dira!

Intuizio batekin hasi ginen: gaztetxoei mugikorra emateko gurasoen motibo ia bakarra seme-alabak lagun-taldetik kanpo geratzeko beldurra zen. Beraz, gurasook seme-alabei mugikorrik ez emateko ados jartzen baginen, akabo arazoa. Eta halaxe egin genituen gure ikastolako lehen paktuak.

Urrutira iritsi da ekimena. Euskal Herri osoan ez ezik, gure mugetatik haratago ere asko eta asko dira bide berean lanean ari direnak, eta han eta hemengo kazetariak bolo-bolo dabiltza galdezka nola lortu dugun, kasu askotan, DBH2 amaitu arte atzeratzea smartphonen erosketa.

Formula sekreturik ez da. Oinarrian, motibazio handi bat dago: gaztetxoei ahalik eta nerabezaro libreena desio izatea. Mugikorrek menpekotasuna, konparazioak, kanpora begira bizitzea, erdarak, alferrik galdutako ordu mordoa, ulertu ezin duten tristura, nekea… dakarzkie, eta guk hezur-haragizko lagunak, lagunarteko aurrez aurreko elkarrizketak eta aspertzeko eta deskantsurako denbora opa diegu.

 

Noraino iritsi gara?

  • 5 guraso ginen hasieran, egun 15000 familia gara EAE+Nafarroan. Iparraldean ere hasiak dira gaia lantzen.
  • Zarauzko lau ikastetxeak batuta eta koordinatuta gaude une honetan.

 

Egiari zor, ekimena hain azkar hainbeste tokitara zabaltzearen gako nagusietako bat gure taldeko kide den Miren Ros izan da. Ehun ikastetxe baino gehiagotako guraso-elkarteei eman dizkie hitzaldiak, lau haizetara zabaldu ditu Zarauzko Ikastolaren eta Gure aukera, guk 16 taldearen izena, animatu ditu herri horietako gurasoak elkarlanean ari zitezen… Gainontzeko taldekideok ere joan gara hainbat herritara paktuak nola egiten ditugun kontatzera, eta bidera Telmo Lazkano batu izanak ere oihartzun handia eman dio honi guztiari. Altxa burua mugimendu indartsua da gaur egun…

Pozik eta harro gaude, baina batez ere oso eskertuta paktuetan zein antolatzen ditugun tailer eta tertulietan parte hartu duzuen guraso guztioi. Duela bost urte gure ikastolako landare txiki-txikia zena Euskal Herriko ekosistema bihurtzen ari da. Bidea urratu genuen, eta ehundaka familiarentzat eredu eta arnas gara.

Baditugu erronka berriak. Ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea da orain helburua. Ea lortzen dugun berriro ere gure komunitatea eredu izatea!

Ainhoa Agirreazaldegi

Últimas noticias

2025-01-21
Hezkuntza Sailak 140000 euroko isuna jarri digu Zarauzko Ikastolari. Honen aurrean, prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin dugu gaur gure ikastolan.  Hemen duzue prentsa oharra     
2025-01-20
Boloak izango dira berriz ere protagonista asteburuan. Kasu honetan, LH3koek gozatuko dute Bol & Tok elkartearen eskutik. Gainontzeko maila guztiek atsedena izango dute. 
2025-01-15
Urtarrilaren 23an Modelo aretoan - 18:00etan
2025-01-14
Asteburu honetan, LH3koek jai izango dute. LH4koek Bolo eta toka jardunaldia izango dute Zelai Ondoko bolatoki berrian Bol & Tok elkartearen eskutik. LH5ekoek atletismoa izango dute eta LH6koek kirol egokitua.