Skip to main content

DENOK IKASTOLARA! DENOK LANERA!

Irudia
jai ez
2024/12/05

Abenduaren 6an ospatzeko ezer ez dugula aldarrikatuko dugu

 

Bihar, abenduaren 6an, 46 urte beteko dira espainiar estatuko konstituzioa sinatu zenetik, 46 urte Euskal Herritarrok onartu ez genuen konstituzio bat inposatu zitzaigunetik. Euskaldunok uko egin genion konstituzio hari frankismoaren jarraipena bermatzeko tresna zela ulertzen genuelako, eta halaxe izaten jarraitzen du oraindik ere. Ordudanik, gainera, hegoaldeko herritarrok gure eskubideak ukatzen dizkigun lege-markoaren eguna ospatzera behartzen gaituzte. 

Bada ez, ez dugu men egingo inposaturiko jai egun iraingarrien aurrean, lan egutegi propioa aldarrikatu eta lanera joango gara, ikastolara. Zer ospatu ez daukagula aldarrikatu eta klasera joango gara; ikastera, jolastera, amestera. Azken urteetan egin dugun moduan parez pare irekiko ditugu biharkoan ere ateak, etorri nahi duen oro sar dadin. Asimilatu nahi gaituen sistemaren aurrean burua tente jarraitzen dugun egoskorrak oraindik ez gaituela garaitu ozen aldarrikatuko dugu.

Urtetik urtera ikastolan elkartuz jarraitzen dugu langile, ikasle eta gurasoek; denetik egin izan dugu: historia ikasgaiak, kamisetak, txapak, bizkotxoak, aldarrikapenak, eskulanak, kandelak, ohiko klaseak, jaboia, guraso bilerak, ikasleak irakasle jarri, abestu, dantzatu… Oporretara joan beharrean, atzeratutako etxeko lanak egiteko aprobetxatu beharrean, etxean goxo geratu beharrean inposatu nahi diguten jai egun honetan ere lanera joan gara, gelara; eta lanera joanaz jarraituko dugu, argi utziz hau ez dela gure jai eguna.

Gure jai eguna ez dela garbi utzi eta egun hau “ospatzea” mingarri zaigula adierazten jarraituko dugu, euskaldunok aukeratutako eta errespetuzkoak izango diren jai egunak izan arte. Hainbat ikastolatan lortu dute, beste klase egun bat gehiago besterik ez dira abenduaren 6a eta urriaren 12a. Gurean ere bidean gara.

Badugu zer ospatua: urtez urte inposizioari aurre egin eta ikastolan elkartzen jarraitzen dugu, jai egun iraingarririk ospatu beharrik izango ez dugun eguna iritsiko dela amestuz eta amets hori egia bihur dadin bidea eraikitzen jarraituz. Zatoz zu ere, elkarrekin botako ditugu atzera jai egun iraingarri hau eta besteak ere.

Abenduaren 6an denok lanera! Denok ikastola!

 

Ikastolako Langile Komitea

 

 

 

Azken albisteak

2025-01-21
Hezkuntza Sailak 140000 euroko isuna jarri digu Zarauzko Ikastolari. Honen aurrean, prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin dugu gaur gure ikastolan.  Hemen duzue prentsa oharra     
2025-01-20
Boloak izango dira berriz ere protagonista asteburuan. Kasu honetan, LH3koek gozatuko dute Bol & Tok elkartearen eskutik. Gainontzeko maila guztiek atsedena izango dute. 
2025-01-15
Urtarrilaren 23an Modelo aretoan - 18:00etan
2025-01-14
Asteburu honetan, LH3koek jai izango dute. LH4koek Bolo eta toka jardunaldia izango dute Zelai Ondoko bolatoki berrian Bol & Tok elkartearen eskutik. LH5ekoek atletismoa izango dute eta LH6koek kirol egokitua.