Abenduaren 21ean Lege Zaharraren Enparantzan egin nahi genuen taloen bueltako ekimena gauzatzeko baimenik ez digu eman udalak. "Baztertuak eta gutxietsiak" sentitu gara.
Beste urte batez hutsik ikusiko dugu Lege Zaharren Enparantza abenduaren 21ean; zamaketariak buru-belarri eguneroko errutinaren beste orri bat idazten. Baina ez zaizkigu ahaztu, duela ez hainbeste, halako egunez, plaza horretatik bertatik zetozen usain, doinu eta irri eta poztasun algarak. Herritarrenak. Herriarenak!
Horregatik, Zarauzko Ikastolan egin genuen iaz usadioa berreskuratzeko lehen saiakera, gure aitona-amonek egiten zutena berrikasteko proba pilotua; ahanzturan gera ez zedin tradizioa eta gure haurrek ezagutu zezaten geure herri nortasunaren beste papurtxo bat. Irinezko eskutxo markak bazter guztietan, talo hautsiak, saiakera berriak, erre usaina eta bukaerako saria! Bikaina, gogoangarria, izan zen parte hartzea, bizipena eta belaunaldien arteko jakintza trukea.
Aurten, iazkoa oinarri harturik, eta Ikastolak gure hizkuntza eta kultur ondarea berreskuratzeko, finkatzeko eta zabaltzeko duen konpromiso tinkoari eutsiz, formatu berritzaile eta parte hartzailea eman nahi izan diogu neguari ongi etorria ematen dion festa honi: zarauztar guztiekin batera, Lege Zaharren Enparantzan.
Gure proposamena hauxe zen: hala nahi lukeen zarauztar orori aukera ematea, tartetxo batez, mahai bueltan arto-irinari kolpeka euskaraz aritzea, umeek zein helduek elkarrengandik ikastea, lehen herrian egiten zen festa berreskuratzea, izan garena oroitu eta izan gaitezkeenarekin amets egitea, bertso, trikiti, jolasak; gure hizkuntzan, guren herrian. Horrek guztiak, gainera, lagundu egingo luke jende gehiago ekartzen egun horretan plazan egoten diren zarauztar ekoizleen eta artisten lanak ikustera eta erostera.
Asmo eta ilusio guztiak, ordea, pikutara joan zaizkigu: Zarauzko Udalaren ezezko borobila jaso dugu. Herriko aginte administratiboa dutenek ez digute herri ekimen bat egiteko baimenik eman. Lege Zaharren Enparantza zamalanetarako behar dela diote, eta esan diegu moldatuko garela Musika Plazan edo Frontoi Txikin. Aurrekonturik ez dagoela diote, eta esan diegu ez dutela xoxik jarri beharko. Festa "berririk" baimenduko ez dutela diote, eta esan diegu AEK-k urtetan egin izan duela halakorik Lege Zaharren Enparantzan bertan. Zarauzko ikastetxe guztiek urte amaierako festak eskolan bertan ospatzen dituztela diote, eta esan diegu hau ez dela gure festa, herriarena dela, eta pozik hartuko genituzkeela aldamenean beste ikastetxeak ere.
Beraz, adierazi nahi dugu baztertuak eta gutxietsiak sentitu garela, badirudi Zarauzko Udaleko zenbait teknikarik eta arduradunek Zarauzko Ikastola eta komunitatea herriaren bazter batean zokoratuta nahi dituztela, Iñurritzako eremurik urrutienean. Uste dugu debeku honekin Zarauzko Udalaren politika nabarmen geratu dela beste behin ere: herri ekimenak oztopatu eta kanpoko enpresek antolaturiko eta gureak ez diren kultur eta aisialdi eskaintzak hauspotu (Erdi Aroko azoka, 40 Summer Live...).
Isilik, geldirik eta esaneko nahi gaituzte, baina guk euskaraz bizi gareino kantatuko eta dantzatuko dugu!